2010/10/07

ETXERATek eginiko salaketa publikoa

http://www.etxerat.info/albisteak.php?id_saila=7&id_edukia=1166&lang=eu
Etxeratek gogor salatu nahi du euskal preso politikoek pairatu behar dituzten muturreko egoerak. Txus Martín preso politikoak bizi duen egoera.  Espetxeratuta daraman bederatzi urtetatik, bost bakarturik pasatu ditu. Muturreko egoera gordina pairatzen du eta horrek iragan den irailaren 25an Aix Luyneseko espetxe frantziarrean zainak moztera eraman zuen.

Bakartzeak kalte larriak dakar presoari. Suntsitze tresna bat da. Praktika krudel hau, gure senide preso politikoei aplikatzen zaien irizpidea da. Dispertsio politikak, senideok zigortzeaz gain, presoak bi bider zigortzea ere badakar berarekin. Presoak euren artean sakabanatu, eta kasu askotan erabateko bakartasunera kondenatzen baititu. Alta, dispertsio politika, oinarrizko giza eskubideak urratzeko inpunitate eremua dela azpimarratu nahi dugu beste behin ere.

Ondorio larriak ditu isolamenduak, pertsona suntsitzeko neurria baita. Isolamendua gainera, denboran asko luzatzen da kasu askotan, ondorioak itzulezin izan daitezkeen muturreraino eramanez neurri krudel eta ezgizatiar hau. Frantziar Estatuak gainera, euskal preso politikoen bakartzearen aldeko apostu nabarmena egin du azken hilabetetan.

Gure senide eta lagun preso politikoen bizitzekin jokatzen dute. Gure senide eta lagunak heriotzaren atarian jartzen dituzte. Orain Txus Martinek moztu ditu zainak, iragan zen abenduan beste preso batek  berdina egin zuen. 2010. urtean zehar hainbat dira gose greba luze eta gogorrak egin izan dituzten eta ezin dugu ahaztu ezta ere gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso politikoak ere ez dituztela askatzen.

Bizi osorako kartzela zigorra ezartzen da de facto. 52 dira kondena luzatua ikusi duten presoak, horretarako asmaturiko dotrina baten bitartez. Baina bizi arteko zigorra de facto ezartzeko neurri sorta luzea jarri dute indarrean, eta irizpidea, gure senideak bizitza osoa espetxean igarotzea da. Dispertsioak indarrean jarraitzen du, presoak ez ezik, senideok zigortuz

Hortaz gain, senide eta lagunok ere arrisku bizian gaude astebururo. Aurten, dispertsioak hamar istripu eragin ditu. Ezin ahantzi, sakabanaketa indarrean jarri zenetik 16 senide eta lagunek bizitza galdu dutela espetxera bidean.

Guzti honekin amaitu beharra dago. Euskal preso politikoen senide eta lagunak egoera honekin bukaetzeko beharrezkoak diren pausu guztiak egiteko prest gaude. Erabaki argia hartu dugu, gure senideen eskubideak irmoki defendatuko ditugu. Azken asteotan, pozarren hartu ditugu presoen egoera gainditzeko premiaz eta neurriez mintzo diren hainbat iniziatiba. Gernikako akordioa, esaterako, edota Adierazi EH! Mugimenduak lorturiko adostasun zabala.

Nolanahi ere, euskal preso politiko eta iheslariek pairatu behar dituzten muturreko egoerak gainditzeko adostasunezkin ez da nahikoa. Akordio horiek biltzen dituzten konpromisoak landu, garatu eta praktikara eraman behar dira. Hortaz, hurrengo astetan Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoarekin harremanetan jarriko gara ikuspuntuak konpartitu, landu eta adostasunetatik konpromiso zehatzetara pasatzeko.

Abagune berria zabaldu da Euskal Herrian eta gure senide eta lagun preso eta iheslari politikoen eskubideak behingoz errespetatutak izan behar dira. Guk ez ditugu sekula bakarrik utziko eta euren eskubideen defentsan etengabe arituko gara. Konpromisoak bilduz eta pausu bat haratago joaten.

Horiek horrela, deialdi berezia egin nahi genioke euskal herriko biztanleriari eta eragile sozial, politiko eta sindikalei gure elkarretaratze eta hilabete bakoitzeko Azken Ostiraletako elkarretaratzeetan parte hartzeko. Herriz herri eta bakoitzak dituen baliabideekin, guztion bultzada ezinbestekoa izango da gure senide eta lagunen eskubideak errespetatuak izateko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario