2011/03/26

azken ostirala martxoa MUGIMENDU FEMINISTA



AZKEN OSTIRALA DELA ETA, ORAINGOAN MUGIMENDU FEMINISTA IZAN GENUEN PARTAIDE. ATZOKOA, LANKETA TXUKUN BATEN ISLADA IZAN ZEN, IA 500 PERTSONETARA IGO BAIT ZEN ENKARTELDAKO PATE HARTZAILEEN KOPURUA.
ESAN BEHARRA DAGO IRAKURKETA OSO HUNKIGARRIA IZAN ZELA. EIDER PEREZ ORERETAKO PRESOAK AURKI, BERE SEMEA ESPETXETIK ATERA BEHAR IZAN ZUEN ETA BERE HITZAK IZAN GENITUEN ENTZUNGAI ENKARTELADAN. HONA HEMEN ESKUTITZA:


Jaio naiz. Amatxoren barruan denbora pila bat egon eta gero banoa argitara, argi izpia ikusi eta zast hor noa bizitza ezagutzera. Lehenik amaren ahotsa ezagutu dut eta bere gainean jarri naute, zer ondo! Zer usain goxoa! merezi izan du ateratzeak! Baina amatxo ni eskuekin besarkatzea nahi dut eta ezin du! Eskuak esku burdinekin lotuak, oheari lotuak. Ahots arrotz batek esan du: “¿no seria mejor que le quitáramos las esposas?” “no, es por seguridad. Por la suya y la nuestra, porque esta es una terrorista muy peligrosa, ya sabe  de la ETA”. Ez dut ezer ulertzen baina badirudi mugituko nautela, ez dut amarengandik urrundu nahi! Lo hartu dut.

Esnatzerakoan berriro amarekin nago, eskerrak! Eta beste ahots ezagun bat, amatxoren familia, nire familia nirekin egon nahi dute eta hor pasatzen naute esku batzuetatik besteetara. Berriro ahots arrotzak: “ Ya es la hora de terminar la visita”. “ Pero si lo acabamos de conocer”. “ No pongan excusas, saben que no pueden estar más tiempo. Venga! Fuera”. Baina zer da hau? Gose naiz, aizue! Amatxorengana bueltatu naute eta zer ondo amatxoren bularretik edaten. Berriro lo. Oraingoan esnatzerakoan beste leku batean nago, leku gris batean, baina, amatxorekin nago lasai eta amatxoren lagunak ezagutu ditut, hilabete hauetan guztietan amatxoren tripara xuxurlatu duten kideak. Eta azkenik aitatxo! Zenbat denbora pasa da? (oraindik ez dakit kontatzen baina eternitate bat iruditu zait). Ti-ta pasa da dena, urdinez jantzitako bat etorri da eta denbora bukatu dela esan du. Ze denboraz hitz egiten ari da? Amatxorekin eta bere lagunekin denbora lasai eta geldoa da baina beste norbaitekin gaudenean, “bixita” batzuk direla esaten dute eta dena korrika eta presaka pasatzen da. Berriro lo.

Esnatu naiz eta mina daukat! Ez al dit inork entzuten? Amatxo mina! Amatxo norbaitekin hitz egiten ari da, baina, ezetz esaten dio buruarekin. Bat batean zuriz jantzitako bat dator eta ukitzen hasi zait. Ezetz ez dudala mina hor, hemen baizik! Ez al daki ezer honek? Azkenean zerbait eman dit amatxok eta pixka bat hobeto nago. Lo.

Esnatu, jan, lo. Horrela pasatzen dut denbora. Noizean behin aitatxo ikusten dut, batzutan ukitzen dut eta beste batzuetan ezin dut. Eta familia eta lagunekin gauza bera. Batzuetan ni bezalako haurtxoak ikusten ditut. Gainera, amatxok lagun berri bat dauka hemen barruan eta ni bezalako haur bat dauka. Jatorra da, baina berekin jolastea gustatuko litzaidake, baina ezin dut, ez dago denborarik horretarako.

Egunak, hilabeteak pasa dira eta amatxok jolasak eta abestiak ekarri dizkit, zeren gainera hemen ez dute gu bezala hitz egiten. Zer dibertigarria den gure abestiak abestea eta urdinekoek ez ezer ulertzea! Kar kar kar!

Baina denbora pasa da eta orain kalera atera behar dudala esan dit amatxok. Aitatxo eta amatxo hilabetean behin besterik ez ditut ikusiko. Badakit aiton-amonak, izeba-osabak, lehengusuak eta lagunak nire inguruan ditudala, baina, gurasoak faltan botatzen ditut!

Maite zaitut ama! Maite zaitut aita! Maite zaituztet!

Espainiar zein frantziar kartzeletan zehar espetxeratutako emakume preso guztien omenez, bereziki amatxoen omenez.
     

No hay comentarios:

Publicar un comentario