2011/04/18

EPPKren AGIRIA



EPKKren oharra, 2011ko apirila

Mikel Ibañezen heriotzaren harira agiria atera du Kolektiboak.

EPPK-ren oharra

Mikel Ibañez, Euskal Preso Politiko ohia hil dute. Espainiako estatuak indarrean duen espetxe politika krudel zein ankerrak eraman du Mikel heriotzaraino. Urteetako jazarpenak eta bere gain estatuek deskargatu duten errepresio bortitzak eragin du Mikelen heriotza.

1992an Uruguain atxilotu eta Espainiak bere estradizioa bortxatu zuenez geroztik, arantzaz beteriko bizitza eragin diote estatuek: gose greba luze eta gogor baten bitartez borrokatu zuen estradizio eskaera lehenik Uruguain bertan. Espainiako kartzelak eta bertan Espainiako Estatuak euskal preso politikooi inposatzen dizkigun bizi baldintza ankerrak bizi behar izan zituen ondoren. Espainiak Euskal Herriaren zapalkuntza eta ukazio estrategian lehen lerroko tresna den «Audiencia Nacional»eko epaileek absolbitu zuten arren, atxiloketa eta torturaren mamu izugarriaren mehatxua buru gainean zuelarik, berriro ihesari ekin behar izan zion. 2007. urtean Parisen atxilotu eta bere heriotza eragin duten arte estatuen espetxe politika krudelaren gatibu izan dute Mikel.

2008an gaixotasun larri eta sendaezina detektatu zioten. Gaixotasunaren zaintza hobetze alderako neurriak hartu edo/eta, gaixotasunaren ondorio latzak eztitu alderako neurriak hartu beharrean, jazarpena estutu eta Mikelen kontrako presioa areagotu egin zuten Espainiak indarrean daukan espetxe politikaren arduradunek. Euskal Preso politikooi muturreko bizi baldintzak inposatu eta, baldintza hauek «arintzeko» eskaintzarekin gure damuketa eskatzen duen politika ere aplikatu zioten Mikeli. Ez ziren, ez, bere kasuan ere horrelako eskaintzak faltatu. Bere osasun egoerak nabari okerrera egin zuela ikusita, Estatuaren politikaren morroiek era horretako eskaintzak luzatu zizkioten gure kideari. Euskal Preso Politikoak gure herriaren ukazioa betikotu eta aterabide demokratikoa ekarriko duen eszenatoki demokratikoa ekiditeko tresna gisara erabili nahi gaituztela berriro frogatu du espainiar Estatuak. Sinesgaitza den krudelkeriaz aritzen da gure printzipio eta borroka jarduerari uko egin diezaiogun. Hilzorian zegoen kidearekin ere horrela jokatu zuten. Madarikatuak!

Haien jarrera koldar, anker eta krudelaren aurrean, Mikel kidearen duintasuna azpimarratu nahi du gaurkoan EPPKk. Bere bizia hari batetik zintzilik edukita ere, «irtenbide indibidualizatuari», damuketari alegia, uko egin eta duintasunez eta osotasunez Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokari eutsi zion gogor. Gora zu Mikel!

Ez dezala inork pentsatu, bada, Mikelena heriotza naturala izan denik. Mikel Espainiako estatuak hil du. Euskal Preso Politikoon kontra aplikatzen dituen gerra neurriek hil dute Mikel. 22 dira jada Espainia eta Frantziako estatuek indarrean duten Euskal Preso Politikoen kontrako kartzela politika kriminalak erahil dituen kideak.

Mikelen hilotzaren aurrean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, berriro ere Euskal Herriaren askatasunaren aldeko bidean tinko jarraituko duela berretsi nahi dio euskal jendarteari.

Gure herriaren aitortza eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidean, lurraldetasuna eta autodeterminazioaren aitortzaren bidean gogor eta tinko jardungo dugu. Horiek dira hain zuzen ere gure herrian Amnistia eta bakea, justizian oinarritutako bakea, eraikitzeko ezinbesteko premisak.

Bide horri ekin dio Euskal Jendarteak. Eszenatoki horretara eramango gaituen Prozesu Demokratikoa eraikitzea da, une honetan, lehentasuna EPPKren aburuz. Eta norabide horretan lehen lerroan izango da EPPK.

Prozesu hori eraikitzeko ezinbestekoa dugu herritar ororen aktibazio eta parte-hartzea. Ezeren eta inoren zain gelditu gabe, inori begira egon gabe. Guk, euskal herritarrok eta Euskal Herriko eragileok dugu prozesu demokratikoa eraikitzeko erantzukizuna. Gure eskuetan dago prozesu hori bururaino eraman eta gure herriaren askatasuna ahalbidetuko duen markoa gureganatzea.

Bide horretan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, Euskal Herriko gainontzeko eragileekin batera ekiteko borondate fermua berretsi nahi du. Konpromiso honi tinko eusteagatik eraman dute Mikel heriotzara.

Zure emana ez da alperrik izango lagun. Lortuko dugu!

Agur eta ohore, Mikel!

Gora Euskal Herria askatuta!

Euskal presoak Euskal Herrira!
Amnistia osoa!

Euskal Herrian, 2011ko apirilean

Gatzak Korrikako lekukoa eraman du Zornotzan

Ikus galeria

No hay comentarios:

Publicar un comentario