2011/05/01

Jitxori lehen harrera

Jose Mari Mujika (Jitxo) euskal preso politiko Oreretarra gaur arratsaldean iritsi da herrira, 20 urte espetxean igaro ostean. Villenan (Alicante) pasa ditu azken urteak eta senide eta lagunez beteriko autobusa bart gauean abiatu zen haren bila. Goizaldeko 8:30ak aldera atera da espetxetik Jitxo bertaratu direnen oihu eta besarkada artean. Gainontzeko presoek ere entzun ahal izan dituzte gerturatutakoen garrasiak eta haietako zenbaitekin hitz egiteko aukera ere izan dute. Joseba Agudo preso Oreretarra leihora irten denean bizi izan dute momentu hunkigarrienetako bat. Herritarren berotasuna sentitu ahal izan du gaurkoan. Eutsi Joseba! Villenan prentsa zain izan badute ere, ez dute arazo berezirik izan bidaian, nahiz eta guztiak identifikatuak izan diren.
Zortzi orduko bidaia luzearen ondoren, 18:30ak aldera iritsi da herrira autobusa. 500 bat pertsona ingururen txaloek egin diote harrera beroa. Aurreskua dantzatu eta lore-sorta eskaini ondoren, berak hartu du hitza. Labur, baina argi mintzatu da Jose Mari. Jaso duen berotasuna preso guztiei eskaini die lehenengo, eta datozkigun garaiei indartsu eta gogotsu aurre egiteko deia luzatu nahi izan du ondoren. Jitxo herrian dugu 20 urteren buruan! Ongi etorri!

No hay comentarios:

Publicar un comentario