2011/05/06

Manu Gose greban agerraldia


Manu Ugartemendia Oreretako euskal preso politikoa gose greban hasi zen maiatzaren 2an kanporatua izateko arriskuaren aurrean. Une honetan La Sante espetxean aurkitzen da, Euskal Herritik ehunaka kilometrotara. 

 

2005eko apirilean atxilotu zuten Ugartemendia Frantziako poliziek. Epaitua izan ondoren 8 urteko zigorra ezarri zioten. Maiatzaren 13an beteko du zigorra eta kanporaketaren aurka gose greba hasi zen maiatzaren 2an, Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea aldarrikatuz. Kanporatua izango balitz Espainiako poliziek atxilotu eta inkomunikatu lezakete, honek suposatzen duen tortura arriskuarekin.

Amnistiaren aldeko mugimendutik kezkaz bizi dugu une honetan euskal preso politikoak bizi duen egoera. Beste behin ere, muturreko neurriak hartu behar izan ditu euskal preso politiko batek, bere eskubideen aldarrikapena egiteko bide bakar bezala.

Gogora ekarri nahi dugu urte honetan bertan 63 euskal herritar torturatuak izan direla Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren eskuetan. Beraz, argi dago oraindik orain tortura sistematikoki erabiltzen duela Espainiar Gobernuak euskal herritarren aurka.

Frantziar Gobernuaren jarrera salatu nahi dugu, behin eta berriz prest agertzen baita euskal herritarrak torturatzaile espainiarren eskuetan uzteko. Espainiar eta Frantziar gobernuek benetako apustua egin dute herri honetako sektore oso bat ezabatzeko, eta apustu hori bururaino eramateko guztiak balio duela ikusten ari gara egunotan. Honela ulertzen dugu euskal preso politikoen aurka espetxeetan ematen ari diren etengabeko jazarpenak. Honen adierazle da aste honetan bertan herriko preso Zigor eta Marinaren aurka burututako epaiketa, maiatzean herriko Aitzol Gogortzaren aurkako Espainiaratzea edota Ugartemendiaren egoera bera ere. Amnistiaren aldeko mugimendutik dei egiten diegu herritarrei Manuri elkartasuna adierazi eta kanporaketaren aurrean kalera ateratzera. Euskal Herrian libre bizitzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu, eskubide guztien jabe, eta torturatua izateko inolako arriskurik gabe.

Azkenik, deia luzatzen dizuegu maiatzaren 13an Manuren egoera salatzeko egingo den manifestazioan parte hartzera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario